
Goizeko Izarretan
836 eragile ekologiko ordezkatzen ditu Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak
ENEEK-Ekolurrak , Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, administrazinoa sinplifikatu eta arintzeko preminazko neurriei buruzko Lege Proposamenetik ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapenari eragiten deutson aldaketa kentzeko eskatu dau . Lege Proposamenak aukerea emongo leuke EAEn ekoitzitako elikagai ekologikoen kontrola eta ziurtapena ENEEK-Ekolurraren esku egon beharrean kontrol-entidade pribaduen esku be jarteko, Judit Gartzia ENEEK-Ekolurrako lehendakariak azaldu deuskunez : "Helburuak interesgarriak dira, baina egindako proposamenagaz ez dira beteko". Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren arabera, aldaketa horrek ez deutse lege-proposamenaren sinplifikazino eta arintze helburuei erantzuten eta, aitzitik, arazo juridikoak, administrazino-konplexutasun handiagoa eta funtzionamendu-arazoak eragin ahal ditu . Bestalde, Gartziak azpimarratu deusku ez dagoala aldaketa justifiketan dauan arrazoi ekonomikorik be. Eskaintzen dauan kontrol eta ziurtapen zerbitzuak kostu lehiakorra dauka, eta kostuaren %60 inguru sektoreko eragileek ordaintzen dabe, beren kuoten bidez. Sektorearen parte-hartzerik gabe proposatutako aldaketea Gartziak nabarmendu dau proposatutako aldaketa sektorearen informazinorik eta parte-hartzerik gabe planteatu dala . Era berean, ez jako txostenik eskatu ENEEK-Ekolurrari, nahiz eta gaur egun 836 eragile ekologiko ordezkatzen dituan eta bere gobernu-organoan sektoreko ordezkariak, kontsumitzaileen alkarteak eta Eusko Jaurlaritzako zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru-Aldundietako ordezkariak biltzen diran. Ekoizpen ekologikoaren sektorea ordezkatzen daben ekoizle-alkarteei be ez jake informazinorik emon.

